KAIXO LAGUNOK

Iaz hasitakoari jarraituz, aurten ere Xanti sagua bisitan etorri zaigu euskararen eta euskal kultura orokorraren inguruko lehiaketarekin. Aurten baina, ez da bakarrik egongo, Araba Euskaraz Oionen ospatuko denez Gartxok lagunduko baitio, eta bide batez Euskal Herri guztira zabalduko dugu lehiaketan parte hartzeko aukera. Gogoratu DBHko ikasleei zuzenduta dagoela.

Gaiak anitzak dira; artea, historia, natura, mitologia, kirola, euskara, zientzia… beti ere Euskal Herriari eta gure kulturari lotuak. Nondik norako lehiaketa den ikusteko murgil zaitezte blog honetako aurreko galderatan.

Aurten badugu beste berrikuntza bat ere: Galdera gorria. Jarduera bakoitzak lau galdera izango ditu; hiru galderak puntu bana balioko dute eta laugarrenak, gorriak, zailagoa izango denez bi puntu. Ondorioz bi sailkapen egongo dira, sailkapen nagusia (lorturiko puntu guztien araberakoa) eta sailkapen gorria (erantzundako galdera gorrien arabera).

Hasteko Xantik 0 jarduera jarri du blogean. Lehiaketaren mekanismoa ezagutzeko helburua daukanez ez du punturik banatuko.

lunes, 25 de febrero de 2008

4. GALDERA

Gora Vasco : Milonga de temple y carretilla” izenburuko filme bat egin berri dute Argentinan. Film honetan 30 hamarkadako euskaldun baten abenturak kontatzen dira, garai hartan Argentinan oso famatua bihurtu zena.

Jendeak galdetzen zion:
- Che, ¿que sos loco vos?
Eta berak erantzun:
- Loco no, vasco.

Galdera bakoitzak puntu bat balio du:
1) Zein da filmeko protagonista (izena eta ezizena)? Non eta noiz jaio zen?
2) Zergatik bihurtu zen famatua?
3) Zenbat kilometro ibili zituen guztira bere bizitza osoan?

lunes, 18 de febrero de 2008

3. GALDERA

Euskal Herria oso herri zaharra da. Ezin da jakin euskaldunak noiztik gauden gure lur honetan. Erromatarrak izan ziren gutaz idatzi zuten lehenengoak baina jakin badakigu aurretik ere euskaldunak bazirela, hilobietan idatzitako hainbat hitzek frogatzen dute hori.

Erromatarrek oso ondo ezagutu gintuzten eta Europa guztian egin bezala, gurean ere beren bizimodura moldaturiko hiriak eraiki zituzten. Hiru hiri garrantzitsuenak Pompaelo, Veleia eta Oiasso izan ziren, baina hauetaz gain beste herrixka ugari ere sortu zuten.


Galdera bakoitzak puntu bat balio du:

1) Gaur egun Pompaelo, Veleia eta Oiasso ez dira existitzen edo beste izen batez ezagutzen ditugu. Zein da hiri hauen gaur egungo izena?

2) Erromatarrek ez gintuzten “euskaldunak” deitu. Garai hartan lau leinu edo tribu desberdinetan antolatuak geunden. Zein zen leinu bakoitzaren izena?

3) Erromatarren hainbat aztarna ditugu Euskal Herrian, argazkian dagoena esate baterako. Zer da eta non dago?

lunes, 11 de febrero de 2008

2. GALDERA

Euskal musika beti lotzen dugu trikitixa eta panderoarekin, baina euskal musika hori baino gehiago da.
60 eta 70 hamarkadetan
Benito Lertxundi, Xabier Lete, Pantxoa eta Peio, Mikel Laboa, Gorka Knörr, Urko eta beste hainbat abeslari bihurtu ziren euskal kantagintza berriaren eta bide batez abertzaletasunaren erreferente.
70. hamarkadaren
bukaeran rocka, punka eta ska bezalako erritmo potenteak iritsi ziren Euskal Herrira eta ondorioz 80. hamarkadan mugimendu berria sortu zen “Rock Radical Vasco” deitu izan zitzaiona.
Azken bi hamarkadetan
euskarak musika estilo guztiak konkistatu ditu, heavy-a, reggae-a, rap-a, pop-a, hardcore-a…

Galdera bakoitzak puntu bat balio du:

1) 70. hamarkadaren hasieran euskal musikaren inguruan abeslari eta artista asko bildu ziren talde bat osatuz. Zein zen talde honen izena?

2) 1984. urtean Egin egunkariak musika kontzertua antolatu zuen Gasteizen. Bertan Hego Euskal Herriko probintzia bakoitzeko musika talde batek jo zuen, horretarako egunkariaren erosleek botoa eman zutelarik. Zein izen izan zuen kontzertuak zein taldek jo zuten bertan?

3) 1989 urtean Eibarko heavy talde batek euskaraz abestea erabaki zuen. 1990 urtean Irungo musika talde batek euskaraz abesturiko rap-aren bideoklipa atera zuen ETB-n. 1992 urtean Iruñeko talde batek “bakalao” musika euskaraz egiteari ekin zion. Zeintzuk izan ziren euskara musika estilo desberdinetara zabaldu zuten hiru talde hauek?


lunes, 4 de febrero de 2008

1. GALDERA


Lehiaketa berriarekin hasiko gara eta inauteriak pasa berri ditugunez hauek aztertuko ditugu lehendabizi.
Gaur egun mozorrotzeko festa dira inauteriak eta horrela guk ere ikastolan Zirkoa gaitzat hartu eta mozorro politak prestatu ditugu, ezta? Mundu guztian zehar ospatzen dira inauteriak; Venezian, Rio de Janeiron, Tenerifen… Tolosako inauteriak ei dira Euskal Herriko famatuenak, baina noski, ezin ditugu ahaztu Pirinio inguruko herri txikietan egiten diren inauteri tradizionalak. Hona hemen herri horietako pertsonaia batzuk.

Galdera bakoitzak puntu bat balio du:

1) Euskal Herrian hainbat izenez ezagutzen dira inauteriak. Zein beste izen ezagutzen duzu jai hau izendatzeko?

2) Goiko pertsonai horiek zeintzuk dira? eta zein tokitako inauterietan agertzen da bakoitza?

3) Zein da inauteriak ospatzearen arrazoia?


XANTIREN LEHENENGO LEHIAKETA